Berriak eta Prentsa Oharrak


KOMIKI AZOKAK BINETAREN MUNDUA GERTURATUKO DU GETXORA DATORREN ASTEAN

17. ekitaldian hainbat jarduera eta egile ospetsuak hartuko ditu hiru egunez

 

Urriaren 19tik 21era Getxoko Komiki Azoka komikizaleen topagune izango da. 17. Ekitaldi honetan Azoka bi gunetan banatuko da. Batetik, Areetako Geltokia plazako karpan merkataritza-gunea egongo da. Bertan 43 saltoki postu aurkitu ahal izango dituzte bisitariek Getxon, eta horietan izango dira, besteak beste, komiki-dendak, liburu-denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta bederatzigarren artearekin lotutako sektore guztiak.


Bestalde, Romo Kultur Etxeak jarduera-programa bizi-bizia hartuko du eta bertan, hiru egunez, nobedadeen aurkezpenak, hitzaldiak, mahai-inguruak, proiekzioak eta tailerrak izango dira, besteak beste. Bertan fanzineentzako gunea ere kokatuko da.

 

Ohi denez, artista ospetsuek bisitatuko dute Getxo, horietako batzuk nazioartean sona handia dutenak, eta hitzaldi eta aurkezpenetan parte hartuko dute; sinadura-saioak ere egingo dituzte, zaleek gustukoen dituzten egileak ezagutzeko aukera izan dezaten. Sinatze-txandak Romo Kultur Etxean zein karpako saltokietan izango dira.

 

Aurtengo gonbidatuen artean nabarmendu behar dira, adibidez, Jason Lutes, Camille Jourdy, Marcos Martín, Natacha Bustos, Mamen Moreu, David Rubín, Anabel Colazo, Javier Pulido, Raquel Alzate. Horiekin batera, beste komikigile askok ere parte hartuko dute. Esaterako, Javier Rodríguez, Javier Pulido, Raquel Alzate, Rayco Pulido, Paco Alcácer, Elisa McCausland, Josep Busquet eta Jordi Bayarri. Egile gonbidatuen artean Nazario aipatu behar da bereziki, Espainiako underground komikiaren adierazle nagusietariko bat, hain zuzen ere. Gasteizko Zuloa liburu-dendarekin batera, omenaldia egingo zaio Getxon.

 

Komiki-erakusketak ez dira faltako Azokan. Hala, Bizkaia Zubian David Leoneren "Caóstica" izeneko erakusketa egongo da eta Romo Kultur Etxean, berriz, Marcos Martínen lanak izango dira ikusgai. Azokako karparen inguruan, Asisko egileren dedikatutako erakusketa egongo da eta, azkenik, Torrene Aretoan euskal komikiaren historia 1975. urtetik egun arte ezagutu ahal izango dugu.


OHARRA:

Gaur izandako Komiki Azokaren prentsaurrekoan hartutako bideo korteak honako esteka honetan dituzue eskura: www.getxo.eus/prensa (pasahitza: fotosycortes)