Berriak eta Prentsa Oharrak


NAZARIORI ETA ZULOA LIBURU-DENDARI OMENALDIA EGINGO DIE GETXOKO KOMIKI AZOKAK

Raquel Córcoles da 17. ekitaldiko kartelaren egilea

 

Getxoko Komiki Azokak, bere 17. edizioan, Nazario komikigile eta margolaria omenduko du, Espainiako kontrakultura-komikiaren erreferentzietako bat dena. Horrez gain, Gasteizko Zuloa liburu-denda ere omenduko du, haren ibilbideagatik eta komikiaren mundua zabaltze egindako lanagatik. Getxoko Komiki Azoka urriaren 19tik 21era izango da, bi lekutan: Areetako Geltokia plazako karpan (saltokiak) eta Romoko Kultur Etxean (jarduerak eta fanzine-gunea). Azokaren kartela Raquél Córcoles artistak egin du, Moderna de Pueblo pertsonaia ospetsuaren sortzaileak.


Nazario (Nazario Luque Vera; Castilleja del Campo, 1944) Espainiako komiki-munduko artista kontrakulturak ospetsuenetako bat da. Sevillan Filosofia eta Letrak ikasi eta irakasle aritu ostean, 70eko hamarkadaren hasieran, Bartzelonan finkatu zen, eta lehen urratsak eman zituen komiki undergroundaren munduan. Bertan sortu zuen El Rrollo taldea, Javier Mariscal, Farry eta Pepichek artistek osatua, besteak beste, eta beren komiki propioak editatu eta banatu zituzten. Garai hartan argitaratu zituen, poliziaren jazarpena handia zenean, "San Reprimonio", "Sábado sabadete" eta "Purita" obrak, besteak beste. Bertan, Bartzelonako alde ilunenak islatu zituen. 80ko hamarkadan, El Víbora aldizkariarekin elkarlanean hasi zen, eta bertan argitaratu zituen bere komiki gehienak. Horien artean nabarmentzekoak da "Anarcoma", 70eko eta 80ko hamarkadako Bartzelona zitalean mugitzen den detektibe trabesti bati buruzkoa.

 

Europako beste zenbait aldizkarirekin ere elkarlanean aritu zen, adibidez, azaar, It, Actuel, Oz, Frigidaire, Gai Pied, L’Écho des Savanes eta Makoki aldizkariekin. Azken horretan argitaratu zuen "Alí Babá y los 40 maricones", bere lan gorentzat jotzen dena eta harekin amaitu zen bere ibilbidea komikiaren munduan. Une horretatik aurrera, margotzen hasi zen, eta hainbat erakusketa egin zituen, bere lana ARCOn erakutsi zuen, eta kartelak eta diskoen azalak margotu zituen.

 

Bere aldetik, Zuloa liburu-denda leku berezia da komikiaren munduan, Gasteizen eta Gasteiztik kanpo. 1987an ireki zen liburu-denden kontzeptu berri baten ideal hori, hiriko proposamen kultural ezberdinek presentzia izango zuten lekua. 1998an Hedegile kaleko 21 zenbakira lekualdatu zen, eta han egon da ordutik, “Txintxu” San Martínek eta Sara Elíasek zuzenduta. Komiki-munduan espezializatuta dago, eta kultur erreferentzia bat da, bai duen eskaintzagatik bai bertan egiten diren jarduerengatik; izan ere, erakusketak eta komikien, liburuen eta diskoen aurkezpenak antolatzen dira bertan, besteak beste. Ireki zutenetik, sari garrantzitsuak lortu izan ditu, adibidez, Hezkuntza eta Kultura Ministerioak 1989an Liburu-dendek egindako Kultur Hedapenerako Lan Onenari emandako Saria, eta Eusko Jaurlaritzaren Hiri-inguruneak Dinamizatzearen 2015 Saria.

 

Kartel

Komiki Azokaren aurtengo kartela Raquel Córcolesek egin du (Reus, 1985). Autore katalanak 2011n hasi zuen bere ibilbidea komikiaren munduan, El Jueves aldizkarian, eta Cuore, GQ eta El País argitalpenetan ibiltzen da elkarlanean, haren komikiak bertan argitaratzen baititu. Sortzaile-lanak utzi zuenean, Carlos Carrerorekin batera buru-belarri heldu zion bere proiektu pertsonalari, Moderna de Pueblori. Proiektu horretan gidoiak sortzen ditu, ilustrazioak egiten ditu eta edukiak zuzentzen ditu. Haren blogeko pertsonaia 2010ean sortu zen, eta berehala fenomeno biral bihurtu zen. Hari esker lortu zuen Connecta’t al còmic beka, lehen eleberri grafikoa argitaratzeko aukera eman ziona: "Soy de pueblo". Haren komikiak herritik hirira arrakasta bilatzera doan hogei urte inguruko neska baten ingurukoak dira, eta herriarekin konektatzeko helburua duten egoerak parodiatzen dituzte. Horren ondoren, beste hiru obra argitaratu ditu: "Los capullos no regalan flores" (2013), "El cooltureta" (2014) eta "Idiotizadas: de cuento de hadas a empoderhadas" (2017).