Luis Durán (Oñati, Gipuzkoa, 1967) oso artista pertsonala da, estilo feista baina eraginkorra erakusten duena ukitu berezia emateko, ukitu erromantiko, liriko eta fantastikoaren artean (nolabait komikiaren barruan Neil Gaiman-en zenbait lanen tonuaren antzekoa da). Azken finean nortasuna da, haren lanean ezagutzeko modukoa.
Durán Arte Ederretako lizentziatua da, eta txiki-txikitatik zeukan argi komikiak egin nahi zituela. 90eko hamarkadan, ikasketak eta hainbat lanekin batera, era guztietako fanzinetan argitaratzen zituen istoriotxoak, baita zenbait argitalpen alternatibotan (TMEO, Makoki) eta tokiko prentsan ere (Diario Vasco, El Correo eta Diario de Burgos). Gainera, tokiko komiki lehiaketa asko ere irabazi zituen. Hala ere, haren istoriotxoak deigarriak ez zirenez gero ez publikoarentzat ez argitaletxeentzat (ezetza jasotzen zuen leku guztietan), hamarkadaren amaieran komikia alde batera utzi eta ilustrazioak egitea erabaki zuen eta, ondorioz, marrazkiak erraztu egin zituen.
Handik denbora batera, berriz ere ekin zion istoriotxoak sortzeari eta berak editatu zituen hainbat comic-book-eko formatuan Mancuso Comics zigiluaren bidez, eta horiei esker, azkenean deigarri gertatu zen: komentario onak egiten hasi ziren haren gainean argitalpen espezializatuetan. Hala, goranzko ibilbideari ekin zion, ibilbide ugariari harrigarria bada ere. Hala, Duranen lanak hiru argitaletxe desberdin erakartzen ditu; izan ere, urtebetean baino denbora laburragoan argitaratzen dizkiote hiru album, eta lan horiei esker, bi sari irabazi ditu Bartzelonako Komiki Lehiaketan (2001eko autore errebelazioaren saria "Vanidad" lanagatik eta 2002ko gidoi onenaren saria "Atravesado por la Flecha" lanagatik). Garai hartan, istoriotxo laburren bat ere argiataratu zuen istoriotxoen fanzinetan: "Idiota y Diminuto", "Buen Provecho" eta "Tos".
Azken urteetan, Astiberri argitaletxean finkatu da, eta harentzat argitaratu ditu azken lanak, esate baterako: "Antoine de las tormentas" (2004ko gidoirik onenaren saria Bartzelonako Saló Internacional del Cómic lehiaketan), "Caminando por las colinas de arena", "Álgebra" eta "La Cruz del Sur", azken horretan Duran-en gidoiarekin eta Raquel Alzateren marrazkiarekin. Ondoren, bestelako lanak ere argitaratu ditu hainbat argitaletxetan: "Nuestro verdadero nombre", "La ilusión de Overlain", "El viaje de Gasparetto", "Volátil" eta "El Martín Pescador".