Salón del cómic de Getxo - Getxoko Komiki Azola

IV Edición: Abendua 2 - 3 - 4 Diciembre 2005

Historia

2003 Getxoko Komiki Azoka, Javi Royo Hiru urte besterik ez dituen arren, Getxoko Komiki Azoka udalerriko kultur egutegian erabat finkatu den jarduera da, biñeta mundua atsegin dutenek egin dioten harrera dela eta.

 

Azoka hau 2002an sortu zen biñetako artea maite dutenek Euskal Autonomia Erkidegoan aitzakiarik gabeko bilgunea izan zezaten, eta urtero haziz doa etortzen direnen kopurua. Lehenbiziko azokan 6.000 pertsona izan ziren, hirugarrenean 12.000 eta 2005ean zifra hori gainditzea espero dugu.

 

Areetako Geltokiaren plazan jartzen den 2.500 m2-ko karpapean izaten da azoka. 60 saltoki baino gehiago ditu, argitaletxeak, espezializatutako liburu-dendak, banatzaileak eta fanzineak izango dira, besteak beste, ikusleei berrikuntzak ekartzeaz gain aukerazko eta bigarren eskuko materiala ekarriko dizkietenak, komikiaren eta mechandisingaren munduarekin lotutako produktu ugariez gain. Zentzu horretan Azoka kuantitatiboki hazi egin da, lehenbiziko aldiarekin erkatuz gero saltoki kopurua bikoiztu egin baita.

 

Getxoko Komiki Azoka ardatz gisa komikiaren mundua duen aisialdi-zentro osatu bat da bisitariarentzat. Hori horrela, jendeari merkataritza-gunean nahiz ekitaldi-aretoan gertatzen diren hainbat jarduera osagarri eskaintzen zaizkio. Bertan gainera, azokara etorritako autore eta argitaletxe guztiek beren nobedadeak aurkezteko aukera dute.

 

Erakusketek leku garrantzitsu bat betetzen dute areto getxotarrean. Horrela, lehenengo bi edizioetan, publikoak hainbat eta hainbat erakusketaz gozatzeko aukera izan du: "25 años de El Jueves", "111 portadas del cómic vasco", "Certamen de Cómic e Ilustración INJUVE", "La cebolla asesina", "O chapapote móvese" (ilustratzaile desberdinek Prestige ontziaren katastrofea islatu zuten), "Del cómic de los 80 a Superman" (Pascual Ferry marrazkilari ospetsuaren ibilbide artistikoari buruzkoa), "Mortadelo y Filemón Film" (Ibañezen pertsonaia famatuen filmari buruzkoa), "Max"en erakusketa monografikoa, "Star Wars" eta "Made in Japan" (mangaren 30 urte).

 

Zalantzarik gabe, bisitariak gustukoen duen unea autore gonbidatuen esku-hartzearena da. Edizio bakoitzean, azokak hemengo nahiz nazioarteko ilustratzaile eta gidoilari ospetsuak ekartzen ditu, eta horiek mahainguruetan, konferentziatan edo aurkezpenetan parte hartzen dute, eta, noski, jendearengana hurbiltzen dira sinadura-txandatan, beren jarraitzaileekin berriketan egiteko eta komiki-aleak sinatzeko.

 

Salvador Larroca, Pascual Ferry, Mark Buckingham, Víctor, Santos, Cels Piñol, Mauro Entrialgo, M. A. Martín, Darío Adanti, Luis Durán, Ramón F. Bachs, Sergio Córdoba, Roger Ibáñez, Bernardo Vergara, Santiago Sequeiros, Javier Rodríguez, Javier Olivares, Miguel B. Núñez, Paco Alcázar, Peter Gross, Bryan Talbot, Max, Carlos Giménez, Mike Carey, Bernet, Óscar Nebreda, J. L. Martín, Carla Berrocal, Enrique V. Vegas, Víctor Santos, Andrés G. Leiva, Pau eta Olga Carmona dira aurreko bi edizioetan Azokan parte hartu duten autoreetako batzuk.

 

Bestalde, komikiaren munduan ikuspegi praktiko batetik barneratu nahi duten horientzat, azokak komikiaren eta ilustrazioaren hastapenak edo teknika berriak ezagutzeko eta ikasteko aukera ematen du, tailer desberdinei esker. Gainera, Azokak, aurreko edizioetan, graffiti-tailerrak, makillaje-tailerrak, animazio-tailerrak eta story-board delakoari buruzko tailerrak antolatu ditu. Era berean, bereziki haurrei zuzendutako tailerrak ere antolatzen dira, txikienek ere izan dezaten komikiaren munduarekiko lehendabiziko harremana.

 

Azkenik, ekitaldi-aretoan gehien ikusi daitekeen jardueratako bat proiekzio-ziklo desberdinak dira. Proiekzio horiek hiru egunetan zehar ikusi daitezke. Bertan, publikoak animazio-serietako zenbait kapituluz, fikziozko eta animaziozko laburmetraiez eta komikiaren munduari buruzko dokumentalez goza dezake.