Gene Ha Txikagon jaio zen, baina South Bend hiri txikian hazi zen. Etorkin korearren semea da, eta haurtzaroa superheroien komikiak irakurtzen eman zuen, baita laurogeiko hamarkadan nagusitu ziren marrazkigile handien eragina bereganatzen ere, bereziki Matt Wagner. Komikigintzan lan egiteko erabakia hartuta, ilustrazio eskolak hartu eta grafista gisa kolaboratu zuen institutuko egunkarian. Eskola-arte batean emandako azken garaian, komikiaren bi konpainia handiei bere portafolioa bidaltzea erabaki zuen. Marvel-etik adorea kentzeko gutun bat baino ez zuen jaso, baina DC-k Gene Ha kontratatzeko interesa agertu zuen: laurogeita hamarreko hamarkada bete-betean zegoen eta Gene Ha-ren ibilbidea hasi berria zen.
Ibilbide horretan, ez zuen hartu ezarritako bildumetako etapa luzeen ardura, baizik eta serie txikiak, nobela grafikoak edo proiektu bereziak garatzen zituen, hain zuzen publikoari deigarriena egiten zaizkionak. Lan horiek egitea da haren ezaugarri nagusia.
Laurogeita hamarreko sorkuntza-lanen artean, Gerard Jones gidoilariarekin eginiko kolaborazioak nabarmendu behar dira. "Oktane", Dark Horserentzako serie txikia eta "Batman: Fortunate Son" nobela grafikoa. Marvel-entzat eginiko bi serie txikiei esker lortu zuen arrakasta: "Las Aventuras de Cíclope y Fénix" eta "El Hijo de Askani"; gidoiak, berriz, Scott Lobdell eta Jeph Loeb-enak dira. Ha-k azalak eta ale bereziak lantzeari eutsi zion, eta kolaboratzailea izan zen Jamen Robinson-en "Starman" serie ospetsuan, betiere "The Shade" serie txikia ahaztu barik. Serie horretan, orrialde gogoangarriak lortu zituen, intriga eta beldurra nahasten dituen istorio batean, aparteko edertasunarekin islaturiko eszenatoki viktoriarrean.
Eta mende berriarekin batera, ospe handia eman zion lana iritsi zen. Alan Moore gidoilari britainiar miretsia eszenatokira itzuli zen argitaletxe linea berri batekin (ABC Comics) eta lau bildumekin. Baina azkenean osperik handiena eman ziona Gene Ha-k marrazturikoa izan zen: "Top 10". Hiri bateko polizia-etxe bateko bizitza kontatzen du serieak, Neopolis-ekoa hain zuzen ere, non biztanle guztiek super botereak dituzten, poliziak barne. "Top 10"-ek arreta eskatzen dio irakurleari, baina kalitaterik handieneko fikzioa jasoko duen ordainetan: elkarrekin nahasturiko baina ondo zehazturiko istorio ugari agertzen dira. Bestalde, binetak xehetasunekin, atzeko alde landuekin, apaingarriekin, bigarren eta hirugarren planoko pertsonaiekin betetzea lortzen du, pertsonaia bakoitzak bere istorioa duela. Ondoren, bi sortzaileek Neopoliseko istorioei ekin zioten berriz ere "The Forty-Niners" izeneko lanean.
Alan Moorerekin eginiko lanez gain, Gene Hak nahikoa jarduera izan du azken urteotan: DC-rentzat zein Marvel-entzako azalak, kolaborazioak "Jóvenes Vengadores" eta "Global Frequency" serieetan, "The Authority" serie txikia eta 2008an Eisner saria eman zion Brad Meltzer-eko JLAren 11. atala. Gene Ha-ren azkena "Top 10"-eko bigarren liburukia da, oraingoan Zander Cannon gidoilari duela.