Zortzigarren urtez jarraian datorkigu berriro ere Getxoko Komiki eta Manga Azoka, biñetaren mundua ekartzeko asmoz. Hiru egunez, erabateko protagonista bilakatuko da komikia Getxon. Horrela, bada, azaroaren 27tik 29ra bederatzigarren artea delakoa kaleetan izango dugu, Areetako Geltokia eta Erromoko Santa Eugenia plazetan. Areetan, Azokako karpa nagusia kokatuko da; bigarrenean, berriz, Manga Gunea egongo da, ekialdeko komikiaren inguruan.
Bi guneetan ehun bat salmenta postu kokatuko dira. Horietan komiki-dendak, liburu-denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta bederatzigarren arteari loturiko zenbait sektore egongo dira. Esparru komertzialaz gain, hainbat ekitaldi egingo dira hiru egunetan zehar. Hori dela eta, komikizaleek ezinbesteko topagune izango dute Getxon.
Ohikoa denez, hainbat egile etorriko zaizkigu azokara, horietako batzuk nazioarteko ospe handikoak. Horiek guztiak hitzaldietan eta aurkezpenetan ariko dira eta, nola ez, hain arrakastatsuak diren sinatze-txandetan ere. Horrela, zaleek autorerik gustukoenak zuzenzuzenean ezagutzeko aukera dute. Aurtengo azokan honako egile hauek egongo dira, besteak beste: David Lloyd, Dave McKean, Mark Buckingham, Paco Roca, Pascual Ferry eta Salvador Larroca. Halaber, Purita Campos eta Juan Carlos Eguillor ere egongo dira Getxon. Azken horiei omenaldia egingo zaie, jarduera luzeko artistak dira eta.
Erakusketak ez dira faltako aurten Azokan. Zortzigarren ekitaldi honetan zenbait egileren lanaren inguruko erakusketak egongo dira. Horrela, Areetako Geltokia plazako karpan omenaldia jasoko duten artisten atzera begirako erakusketak egongo dira ikusgai. Halaber, Paco Rocaren eta Jack Mircalaren lanak egongo dira ikusgai eta Injuve 2009 Komiki eta Ilustrazio erakusketa eta Plutón BRBN.E.RO telebista saila ospetsuan oinarritutako komikiaren erakusketa ere egongo dira.
Aipatutakoaz gain, argitaletxeen eta egileen nobedadeen aurkezpenak egongo dira azokan. Eta ezin ahaztu hitzaldi eta mahai-inguruez, egunero izango baitira ekitaldi aretoan, baita proiekzioak ere, asko zikloetan bilduta: multimediako lanak, izan animazioak, laburmetraiak, dokumentalak edo Animeak, ikusleek komiki munduarekin loturiko zineaz gozatzeko aukera izango dute.
Bestalde, Manga Guneari dagokionez, jarduera egitarau anitza egongo da. Bertan lehiaketak (mozorroak, karaoke…), tailerrak (manga marrazketa eta Japoniako kaligrafia), mahaiinguruak eta beste ekitaldi asko izango dira Bizkaiko zenbait manga elkarteren eskutik.
Horrez gain, udal erakustaretoetan eta Getxoko zenbait tabernatan komiki erakusketak egongo dira. Horietan Euskal Irudigileen Elkarte Profesionaleko (EIPE) zenbait kideen lanak egongo dira ikusgai. Gainera, Areetako Geltokiko Karparen kanpoaldean EIPEk Getxoko Kultur Etxearen laguntzaz argitaratu duen "El Balanzín" komiki aldizkariaren inguruko erakusketa kokatuko da.
Horiek horrela, komikizaleek ezinbesteko topagune izango dute Getxon hiru egunetan; hainbat jarduerez gozatu ahal izango dute eta merkatuaren azken nobedadeak erosteko aukera izango dute.
Ohi bezala, ezinbestekoa dugu Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko kultura sailen, Bilbao Bizkaia Kutxaren, El Correoren eta Metro Bilbaoren laguntza, hori gabe ezinezkoa izango bailitzateke azoka egitea.