Prentsarako txostena

AURKEZPENA

Descargar Dossier

Getxoko Komiki eta Manga Azokaren hamargarren urteurrena ospatuko da azaroaren 25etik 27ra; 10 urte horietan binetaren mundua zaleengana hurbiltzeaz gain, Estatuan era horretako gertaera nagusienetarikoa izatea lortu da.


Aurten, 80 stand inguru aurkitu ahal izango dituzte bisitariek Getxon, eta horietan izango dira, besteak beste, komikiaren establezimenduak, liburu-denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta bederatzigarren artearekin lotutako sektore guztiak. Merkataritza-arloarekin batera, Azokan, jarduera ugari izango dira, eta, hiru egunetan zehar, binetaren munduarekiko zaletasuna dutenak nahitaez biltzeko puntua izatera iritsiko da Getxo.


Ohikoa denez, Getxon bilduko dira artista ospetsuak, horietako asko nazioartean ere ezagunak, eta hitzaldi eta aurkezpenetan ez ezik, sinaduren txandetan ere parte hartuko dute, zaleek beren autore gustukoenak zuzenean ezagutu ahal izateko. Oraingoan, besteak beste, Max edo Paco Roca bezalako autoreak izango ditugu, biak ere Komikiaren Sari Nazionalak. Aurtengo Komiki Sari Nazionalaren irabazlea ere egongo da Getxon, Santiago Valenzuela hain zuzen ere. Egile donostiarra pasa den astean jaso zuen saria eta, horiek horrela, Getxon sari ospetsu horren hiru irabazle bilduko dira lehenengo aldiz.


Horiekin batera, hauek izango dira: Miguelanxo Prado bezalako sortzaileak, Luis Royo fantasia-ilustratzailea, David Rubín, Mireia Pérez, Nancy Peña, Manuel Bartual, Luis Bustos, Albert Monteys, Manel Fontdevila, Víctor Santos eta beste asko.


Azokak komikiaren munduko profesionalei urtero eskaintzen dien omenaldi tradizionaleko protagonistak hauek izango dira: Josep María Berenguer beteranoa, La Cúpula argitaletxe enblematikoko editorea, underground komikiaren nahitaezko erreferentzia Espainian, eta Bilboko Astiberri argitaletxea, soilik hamar urteko ibilbidean arrakastaz betetako bidea egin duena, kalitatezko komikiak argitaratzeagatik.


Halaber, komikien erakusketak izango dira Getxoko hitzorduan, eta, oraingoan, hainbat autoreren lanari zuzendutakoak ikus ahal izango ditugu. Azokako karpan, publikoak ondorengo erakusketa monografikoa bisitatu ahal izango du: "Jazz Bulles Blues: komikia swing erritmoan”. Kasu horretan, binetaren, jazzaren eta blues-aren artean dagoen harremana ikus ahal izango da, Belgikako autore ospetsuen lanean. Han kokatuko dira, baita ere, La Cúpula eta Astiberri argitaletxeei eskainitako erakusketak, eta, azkenik, Portugaleteko Komiki Lehiaketaren 25. edizioaren erakusketa.


Bestalde, karparen kanpoaldean, “El Balanzín” erakusketa ikus ahal izango dugu, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak argitaratutako aldizkaria. Gainera, azken urteetan ohikoa den moduan, udal erakusketa-aretoetan eta Getxoko hainbat lokaletan, komikiarekin lotutako hainbat erakusketa izango dira, eta tartean Euskal Irudigileen Elkarte Profesionaleko artista ezberdinen lanak. Horiez gain, Victor Santos sortzaileari eskainitako erakusketa Zubi Esekian egongo da.


Horri guztiari argitaletxeek eta egileek berrikuntzen inguruan egingo dituzten aurkezpenak gehitu behar zaizkio, Azokan horiek ere garrantzitsuak baitira. Ez dira ahaztu behar, ezta ere, ekitaldien aretoan egunero izango diren hitzaldiak eta mahai-inguruak edota emanaldiak, horietako asko ziklo interesgarrietan bilduak. Multimedia, animazioa, film laburrak, dokumentalak edo Animeak, publikoak komikiaren munduarekin lotutako aniztasun zinematografikoaz gozatzeko aukera izango du. Manga komikiaren zaleek, berriz, haiei zuzendutako jarduera ezberdinak izango dituzte igandean, azaroaren 27an, mangari eskainitako egunean.


Azkenik, eta Azoka dela-eta, Zine-Klub zikloan "Chico & Rita" filma emango da; hau da, Fernando Truebak eta Javier Marisca artista ospetsuak zuzendutako animazio-filma.


Modu horretan, komikiaren zaleek nahitaezko hitzordua izango dute Getxon hiru egunetan, jarduera ugariz gozatzeko eta azken argitalpen berriak ezagutzeko aukera izatearekin batera.