Carlos Gimenez (Madril, 1941) ibilbide luzeko autorea eta Espainiako komikigintzaren sortzailerik ospetsuenetako bat da. Sariz beteriko ibilbidea da harena, horien artean Arte Ederretako Merezimendu Domina, 2003an lorturikoa. 50eko hamarkadan ekin zion lan-ibilbideari, Ibergraf agentziaren eskutik. Hirurogeiko hamarkadan, hainbat serie argitaratu zuen zenbait argitaletxerentzat: "Drake&Drake", "Gringo", "Buck Jones", "Delta 99". Garai hartan, hainbat gidoilarirekin egin zituen kolaborazioak. 1975ean, bakarka hasi zen lehen istorioak egiten. Lehen lan osoa "Hom" da. Urte haietan, gainera, umorezko aldizkarietan ere hartu zuen parte, adibidez: "Mata Ratos", "Muchas Gracias" eta "El Papus" aldizkarietan.
Hain zuzen ere "Muchas Gracias" aldizkarian agertu zen lehen aldiz "Paracuellos", haren sorkuntza-lanik ezagunenetako bat. "El Papus" aldizkarian haren albumak bihurtuko ziren lehen atalak argitaratu zituen, "España una...", "España grande...", eta "España libre...", baita "Barrio" ere. Album horiekin batera, hauexek argitaratu ditu, besteak beste: "Koolau el leproso", "Los Profesionales" seriea "Romances de andar por casa", "Una infancia eterna", "Historias de sexo y chapuzas", etab. Gainera, Guillermo del Toro mexikarrak zuzenduriko "El Espinazo del Diablo" filmeko store-board-eko marrazkiak egin ditu.
"Paracuellos" lanari esker, urteko lanik onenaren eta gidoirik onenaren saria jaso zuen Carlos Gimenezek Bartzelonako 2000ko 18º Saló Internacional delako lehiaketan. Lan hori Espainiako komikiaren historiaren funtsezko sorkuntzetako bat da. Autorearen haurtzaroan dago oinarrituta, eta Gizarte Urgazpeneko etxe bateko ume-talde baten bizipenak kontatzen ditu. Gure historiako unerik zirraragarrienetako baten erretratu zehatza da, noiz-eta komikia gosearen eta gerra ostearen ondorioak jasaten ari ziren umeen belaunaldi oso baten elikagai eta poztasun bakarra zenean.