IX. GETXOKO KOMIKI ETA MANGA AZOKA

2010eko azaroaren 26, 27 eta 28an

22.000 LAGUN KOMIKI ETA MANGA AZOKAN

Hiru egunetan zehar 30 artista pasatu dira Getxotik

 

Atzo bertan amaitu zen Getxoko Komiki eta Manga Azoka eta horren emaitza ezin hobea izan da: 22.000 bat lagun egon dira, iazko kopuru berbera, hain zuzen ere. Pasa den ostiraletik zaleek bederatzigarren arteaz gozatzeko aukera izan du azokaren zortzigarren ekitaldian egon duen jarduera egitaraua anitzari esker. Iaz bezala, Areetako Geltokia eta Erromoko Santa Eugenia plazetan izan da azoka. Azken kokapen horretan Manga Gunea egon da eta, nahiz eta bere hirugarren ekitaldia izan jende ugari bildu da bertan gero eta ospe handiago lortzen ari den genero horrez gozatzeko asmotan.

 

Aurtengo ekitaldian, liburu dendak, argitaletxeak, aldizkariak, fanzineak, merchandising-saltokiak eta komikiaren munduari loturiko beste zenbait denda bildu dira Getxon. Guztira, 70 bat izan dira, 100 postu baino gehiagotan banatuta. Horietan, bisitariek merkatuko azken nobedadeak, komiki klasikoak eta bilduma komikiak erosteko aukera izan dute. Ohi denez, aurten parte hartu duten zenbait argitaletxek kaleratu berri duten lanak aurkeztu dituzte, batzuetan bere egileen eskutik.

 

Izan ere, gonbidatutako egileak azokaren ardatz nagusienetariko bat dira urtero. Aurten 30 sortzaile baino gehiago bildu dira Getxon eta mahai-inguruetan, hitzaldietan eta argitaletxeen aurkezpenetan parte hartu dute, sinatze-txandak ahaztu gabe. Azken horietan zale asko bildu zen egileen sinadurak eta marrazkiak lortzeko. Aurtengo gonbidatuen artean, honako artista hauek gailendu behar dira: Dave McKean, David Lloyd, Mark Buckingham, Paco Roca, Salvador Larroca, Pascual Ferry, Víctor Santos eta Mauro Entrialgo, besteak beste. Horiez gain, Purita Campos eta Juan Carlos Eguillor eskarmentu handiko artistak egon dira Getxon, omenaldia egin baitzieten bere jarduera luzea saritzeko.

 

Ohikoa denez, erakusketa garrantzitsuak izan dira Azokan. Horrela, Areetako Geltokia plazako karpan omenaldia jasoko duten artisten atzera begirako erakusketak egon dira ikusgai. Halaber, Paco Rocaren eta Jack Mircalaren lanak eta Injuve 2009 Komiki eta Ilustrazio erakusketa eta Plutón BRBN.E.RO telebista saila ospetsuan oinarritutako komikiaren erakusketa ere ikusi ahal izan dira Getxon. Azkenik, Euskal Ilustratzaile Elkarte Profesionalaren eskutik (EIEP) "El Balanzín" aldizkariaren erakusketa izan da eta elkarte horren egileek beren lanak erakutsi dituzte Getxoko zenbati aretoetan.

 

Mangaren gunea

 

Azkenik, Manga Guneari dagokionez, jarduera egitarau anitza egon da. Bertan lehiaketak (mozorroak, karaoke…), mahai-inguruak eta beste ekitaldi asko izan dira Bizkaiko zenbait manga elkarteren eskutik. Horiez gain, Japoniako kaligrafia eta ikebana (ekialdeko lore apainketa) tailerrak eta kimono erakustaldi bat egon dira Santa Eugenia plazako karpan.