Paco Roca, Salvador Larroca, Pascual Ferry eta Víctor Santos ere egongo dira Getxon, besteak beste
Getxoko 8.Komiki Azoka azaroaren 27tik 29 izango da Areetako eta Erromoko Auzoetan eta aurten David Lloyd eta Dave McKean egile ospetsuak izango ditu gonbidatu nagusiak. Horiez gain, honako artista hauek egongo dira azokan: Paco Roca, Salvador Larroca, Pascual Ferry, Víctor Santos, Juan Carlos Eguillor eta Purita Campos. Azken biei, gainera, omenaldia egingo zaie bere jarduera luzea dela eta.
David Lloyd 70eko hamarkadan abiatu zen komikiaren munduan. Garai horretan Marvelen Erresuma Batuko eskumendeko argitaletxerako lan egin zuen zenbait sailetan. "Warrior" aldizkariaren enkarguz "V for Vendetta" sortu zuen Alan Moore egile handiarekin elkarlanean. Lan horrek ospe handia eman zion nazioartean. Bere argitalpena aipatutako aldizkarian hasi zen baina, ondoren, DC Comics argitaletxe handia arduratu zen horretaz. Urte batzuk geroago, eleberri grafiko formatuan kaleratu zen.
80ko hamarkadan Alan Moorekin lan egin zuen Doctor Who Magazinean eta 1982. urtean "Time Bandits" sortu zuen Marvel argitaletxerako. Orduz geroztik maila handiko artistekin jardun da elkarlanean. Gran Morrisonekin eta Garth Ennisekin "Hellblazer" sailean lan egin zuen DC Comicsen Vertigo goibururan. Jamie Delanorekin "The Horrorist" eta "The Territory" sailetan aritu zen eta, berriro ere Garth Ennisekin, "Global Frequency" marraztu zuen Wildstormen. Bere azken lanen arten "Kikback" eleberri grafikoa gailendu behar da.
Dave, McKean (1963, Maidenhead) Erresuma Batuko ilustratzaile famatuenetariko bat da. Bere ospea Neil Gaiman gidoigile ospetsuarekin eginiko elkarlanean oinarritzen da hein handi batean. Bere herrikidearen hainbat istorio marraztu du McKeanek: "Violent cases", "Black Orchid", "Signal to noise" eta "Mr Punch", besteak beste. Halaber "The Sandman" saileko hainbat azal egin ditu eta, Gran Morrisonek idatzitako "Batman: Arkham Asylum" eleberri grafikoa marraztu zuen.
1990 eta 1996 bitartean, McKeanek "Cages" asmo handiko eleberri grafikoaren 10 zenbakiak marraztu zituen. Lana, 1998. urtean kaleratu zena, artisten mundua eta sormena zituen ardatz nagusiak eta Alberto Breccia, José Antonio Muñoz eta Lorenzo Mattoti artisten eragin nabarmena utzi zuen agerian.
Komiki arloan eginiko lanez gain, McKeanek ospe handia lortu du liburuak eta disko azalak ilustratzen, eta Britainiako posta zerbitzurako zenbait seilu marraztu ditu. Halaber, 2005. urtean egin zuen debuta zine zuzendari gisa, Sundanceko Zinema Jaialdian, Neil Gaimanen gidoia zuen "Mirror Mask" filmarekin.