8. Komiki Azoka azaroaren 27tik 29ra izango da
Azaroaren 27tik 29ra Getxon egingo den 8. Komiki eta Manga Azokak omenaldia egingo die Purita Campos egileari, "Esther y su mundo" sail ospetsuaren marrazkilaria, hain zuzen ere, eta Juan Carlos Eguillor euskal umorista grafiko eta ilustratzaileari. Sortzaile biak Getxoko azokan egongo dira. Ohi bezala, azoka Areetako Geltokia eta Erromoko Santa Eugenia plazetan izango da.
Purita Campos (Bartzelona, 1937), 50eko hamarkadako amaieran abiatu zen komikiaren munduan, "Can Can" eta "Celia" aldizkarietan azalak marrazten, Bruguera argitaletxearentzat. Oso laster hasi zen istoriotxoak egiten argitaletxe horren "Sissi", "Blanca" eta "Dalia" sailetan, besteak beste. Urte batzuk geroago Ingalaterrako zenbait argitaletxeren emakumeentzako istorioak marrazten hasiko zen, Creaciones Editoriales agentziaren bidez. Garai horretan ospe handia lortu zuen Phillip Douglas egilearen gidoiak marrazten "Patty's World" sailean, ia 20 urtez. Saila Espainian argitaratu zen "Esther y su mundo" izenburuarekin eta arrakasta handia lortu zuen nazioartean.
70eko eta 80ko hamarkadetan Britainiako, Holandako, Alemaniako, Amerikako eta Eskandinaviako argitaletxeentzat eginiko lanen bidez Espainiako komikia berpiztu zuen egileen belaunaldiko kidea da. Pili Blascorekin batera, Espainiako komikiaren emakumezko egile garrantzitsuena, ziur aski. Bere lan ospetsuen artean, "Patty's World"ez gain, "Tina" aldizkari holandarrean argitaratu zituen istoriotxoak eta "Gina" saila aipatu behar dira, azken hori Francisco Ortegarekin elkarlanean.
Juan Carlos Eguillor
Oso gaztea zela arte bisualek erakarri zuten Juan Carlos Eguillor (Donostia, 1947) eta kazetaritza ikasketak utzi zituen ilustrazioaren munduan abiatzeko. Bere lehenengo komiki-banda, "Mari Aguirre", El Correo egunkarian argitaratu zen 1968. urtean. Atsedenaldi baten ondoren, pertsonaia 1971n itzuli zen egunkari horretara eta, ondoren, 1977tik 1978ra, Eginen orrietan agertu zen. Halaber, 1975etik 1977ra "Krisket eta Popolo" marraztu zuen zenbait aldizkarirekin batera banatzen zen "Komikia" eranskinean.
70eko hamarkadan "Triunfo", "Fotogramas", "Hermano Lobo" eta "Euskadi Sioux" aldizkarietan lan egin zuen. 1979an Txertoa argitaletxeak bere lanen bilduma kaleratu zuen "Eta gero hau!" izenpean. Hurrengo urtean Eguillor El Diario Vascon hasi zen kolaboratzen. Aipatutakoaz gain, zenbait lan argitaratu ditu El Correo egunkarian ("Las nuevas aventuras de Mari Aguirre) eta El Paísen ("Los cuentos de la abuelita", "Potolos"). Umore grafikoaz gain, Eguillorek beste arlo batzuetan ere lortu du ospea: ilustrazioan eta sormen bideografiko eta multimedian.