Autore ospetsuek, erakusketek, tailerrek, hitzaldiek eta beste hainbat ekitaldik protagonista bilakatu dute Bederatzigarren Artea hiru egunetan zehar
Atzo, azaroak 25, Getxoko 6. Komiki eta Manga Azoka amaitu zen eta, hiru egunetan zehar, jarduera horrek 20.000 lagun bildu ditu biñetako munduaren inguruan. Aurten bisitariek aukera zabala izan dute Bederatzigarren Arteaz gozatzeko 90 salmenta-postuetan eta antolatutako jardueretan. Gainera, 2007ko ekitaldian manga komikiak berezko lekua izan du lehenengo aldiz, Erromoko Santa Eugenia plazan. Gune horrek arrakasta handia izan du eta bertan hainbat ekialde-komikiaren zaleak bildu dira genero horrez gozatzeko asmotan.
Publikoari dagokionez, adin guztietako lagunak egon dira Getxon, liburu denda, argitaletxe, aldizkari eta fanzineen eskaintzaz erakarrita. Horrela, bada, bisitariek lan klasikoak, egile-obrak, super-heroien komikiak eta komiki europarra erosteko aukera izan dute, gaur egun genero arrakastatsuenetariko bat ahaztu gabe: manga, hain zuzen ere. Halaber, aurtengo azokan parte hartu duten zenbait argitaletxeko beren nobedadeak aurkezteko aukera izan dute, lan horien egileen eskutik.
Ohi bezala, aurten gonbidatutako egileek arrakasta handia lortu dute. Getxon Andy Riley, Mark Buckingham, Eduardo Risso eta Ibáñezen mailako artistak egon dira. Azken hori, hain zuzen ere, omenaldia jaso zuzen ostiralean TMEO aldizkariko zenbati egilerekin batera, bere jarduera luzea dela eta. Horren ondoren, Mortadelo eta Filemón pertsonaia famatuen sortzaileak zale ugari bildu zituen eskaini zuen sinatze-txandan. Aipatutako egileez gain, aurten honako autore hauek parte hartu dute azokan: Alberto Vázquez, Man, Santiago Valenzuela, Clara-Tanit Arqué, Farid Boudjellal, Manel Fontdevila, Manuel Bartual, Enrique V. Vegas, Carlos Vermut, Javier Olivares, Víctor Santos, Rubén Jardín, Infame&Co. eta Jordi Bayarri, besteak beste.
Getxoko Azokan hainbat jarduera egon dira aurten: erakusketak (Hideshi Hino autore japoniarrarena, Man egilearena, Estudio Kôsen proiektuarena eta TMEO eta Xabiroi aldizkarienak), mahai-inguruak, argitaletxeen aurkezpenak, tailerrak, proiekzioak, eta abar. Horiek eta beste batzuk ere egon dira hiru egunetan zehar, komikiaren mundua zaleengana eramateko asmoz.
Mangaren Gunea
Aurten beste gune bat estreinatu da Getxoko Azokan, mangaren munduaren inguruan, hain zuzen ere. Gune hori Erromoko Santa Eugenia plazan kokatu da eta bertan hainbat zale egon dira ekialdeko komikiaz gozatzeko. Mangaren Guneko salmenta postuetan azken nobedadeak erosteko aukera izan dute eta, horrekin batera, zenbait manga elkartek antolatutako jarduerak ere egon dira: tailerrak, mahai-inguruak eta lehiaketak. Azken horien artean Espainiako Pump It Up Lehiaketaren finala aipatu behar da. Joko horrek gero eta zale gehiago lortzen ari da azken urteotan eta jende ugari ekarri zuen Getxora lehiaketaz gozatzeko.