6. Komiki Azoka azaroaren 23tik 25era izango da
Azaroaren 23tik 25era Getxon egingo den 6. Komiki eta Manga Azokak omenaldia egingo dio Mortadelo y Filemón, Pepe Gotera y Otilio eta Rompetechos pertsonaien sortzaile ospetsuari, Francisco Ibáñezi, hain zuzen ere. Ohi bezala, Areetako Geltokia plazan izango da azoka. Esparruak alde komertziala izango du (70 bat postu), baita erakusketa gunea, tailer aldea eta areto nagusia, hainbat jarduera egiteko ere. Aurten lehenengo aldiz egongo da Manga Gunea, Erromoko Santa Eugenia plazan.
Francisco Ibáñez Talavera (Bartzelona, 1936), Bruguera argitaletxearen eskutik hasi zuen bere jarduera profesionala 1957an. Hurrengo urtean, “Pulgarcito” aldizkarian argitaratu zuen Mortadelo y Filemón bere pertsonaia famatuen lehenengo istorioa. 1961etik 1966ra arrakasta handiko beste komiki batzuk sortu zituen: “La Familia Trapisonda”, “13, Rue del Percebe”, “Rompetechos” eta “Pepe Gotera y Otilio”, hain zuzen ere.
1969. urtean Mortadelo y Filemón-en lehenengo istorio luzea kaleratu zen, albumeko formatuan: “El sulfato atómico”. Lan horrek Spirou et Fantasio eta Gaston Lagaffe sortzailea izan zen André Franquin artista belgikar ospetsuaren eragin handia du. Horren ostean beste hainbat lan egin argitaratuz ituen Ibáñezek. Horien artean Mortadelo yFilemónen istorio onenetariko batzuk gailen du behar dira: “¡Valor y al toro!”, “Contra el Gang del Chicharrón”, “Safari callejero” eta “Chapeau el Esmirriau”, besteak beste. Pertsonai horien arrakasta dela eta, 1970ean hasi zen bikotea protagonista zuen argitalpenen booma: “Mortadelo” aldizkaria, albumak eta “Olé”, “Magos del humor” eta “Super humor” bildumak.
Etapa berria
1985. urtean Ibáñezek Bruguera argitaletxea utzi eta, Grijalbon lan egin ondoren, Ediciones B-n sartu zen. Bertan “Mortadelo y Filemón” bildumak erregulartasuna berreskuratu zuen. Ordutik hona, pertsonaia famatuen sei album kaleratzen ditu urtero. Etapa berri horretan, Bartzelonako artistak gaur egungo modak eta egoera islatu ditu bere komikietan istorioen arrakastari eusteko. 1994an Bartzelonako Komiki Azokaren Sari Handia jaso zuen, bere jarduera profesionala dela eta, eta, 2002. urtean, Arte Ederren Merituko Urrezko Domina eman zioten. Horiez gain, beste sari asko lortu ditu Ibáñezek. Horiek guztiek Espainiako komikiaren jarduera ospetsu eta oparoenetariko bat gailentzen dute. Aurten Getxoko Komiki eta Manga Azokaren omenaldia batuko zaie eta hainbat irakurle belaunaldiren gozamena lortu duen artistaren jardunbide luze eta arrakastatsua sarituko da bertan.